06 Feb, 2019

Group of business people analysis with marketing report graph, Young specialists are discussing business ideas for new digital start up project.

Gizartean esku-hartzeko Euskadiko 5 sare biltzen dituen plataforma da Ekain (200 entitateren ordezkari dira 5 sare horiek) eta gizarteratzearen arloan lan egiten dutenen arteko elkarlana sustatzen du. Ekainen apustu nagusiak herritarren mobilizaziorako gaitasuna eta sentsibilizazioa indartzea eta politikako, gizarteko eta erakundeetako eragileekin hitz egitea dira, gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa sustatzeko.

2016 urtearen azken zatian eta 2017an, Ekain sareak gidatutako enpleguaren euskal estrategia eratzeko prozesua dinamizatu dugu. Lan horren helburuen artean zeuden Euskadiko enpleguaren eta gizarteratzearen arloko joerak identifikatzea, enplegu inklusiboaren arlorako helburuen eta ekintzen proposamenak egitea eta Ekain estrategia zehaztea enplegu inklusiboaren arloan funtsezko diren eragileekin hitz egiteari eta eragiteari begira.  Ekainek hasieratik ezarritako oinarrietako bat izan da dena parte-hartzean oinarrituta eta parte hartzen duten erakundeek elkarrekin hausnartzetik abiatuta eratu behar zela.

Prozesuan, lanerako 4 mintegi diseinatu eta bideratu ditugu eta horietako bakoitzean, batez beste, 50 partaide izan ditugu. Horiez gain, enplegu inklusiborako estrategiaren oinarri-dokumentua ere prestatu dugu mintegi horietan sortutako ekarpenetatik abiatuta. Lehen mintegian, enpleguaren gaur egungo egoerari erreparatu genion; bigarrenean, bazterketa-arriskuan daudenen egoerari eta egoera horrek enpleguarekin duen loturari; hirugarrenean, enplegu inklusiborako proposamen orokorrak landu genituen eta laugarren eta azkenengoan, proposamen zehatzak eta horiek mota bateko edo besteko ekintza nola bihurtu landu genuen.

Lau mintegien egitura antzekoa izan da. Hasieran, kanpoko aditu batek aurkezpen labur bat egiten zuen eguneko eztabaidagaia kokatzeko eta, ondoren, elkarlana. Lan honetarako, Art of Hosting eta Design Thinking teknikak erabili ditugu lau mintegietan, aukera ematen baitute taldeko hausnarketatan talde handiak kudeatzeko, pixkanakako elkarrizketa sortzaileetan sortzen diren ekarpenak kontuz jasotzeko eta makro mailatik abiatuta mikro mailaraino edukiak sortzeko.  Zehatz esanda, Art of Hosting tekniken artetik, zenbait world kafea, open space eta proekintza kafea garatu genituen. Eta Design Thinking tekniken artetik bost zergatiak, in/out, stakeholders-en mapa, enpatia-mapak, agertokiak eraikitzea eta customer journey map erabili genituen. Gainera, mintegi guztietan izan genuen bideratzaile grafiko bat. Modu bisualean jaso zituen alderdi adierazgarrienak, sortu ahala, eta hala, bizitakoaren eta proposatutakoaren memoria bisuala eraikitzeko modua izan genuen.

Mintegiak amaitzean, ekarpen ugari eta adierazgarriak genituen eta, hala, dokumentu bat prestatzen aritu gara jasotako ekarpen guztietatik abiatuta. Ez da ekarpenen bilketa ordenatu bat, ez eta saioetako memoria bat ere, baizik dokumentu egituratu eta antolatu bat, Ekainek eta haren entitateek enplegu inklusiboaren arloan duten posizionamendu politikoa eta estrategikoa mahai gainean jartzen duena. Ideiak eta proposamenak laburtzeko eta sendotzeko ahalegin handia egin ondoren sortutako produktua da eta prozesuan parte hartu duten entitateen eta pertsonen iritziari erantzuten dio.