18 Jun, 2019

Krisiaren eragina ez da berdina herritar guztientzat. Haurrak dira talde ahulenetako bat, arlo askotako mendekotasuna baitute: ekonomia, gizarte, partaidetzako, lege eta politika arlokoa.

Ararteko-Euskadiko Herriaren Defendatzaileak krisiak haurrengan zuen eragina modu sintetikoan bistaratzeko erronka planteatu zigun.

Horretarako, 58 adierazleko sistema eraiki zen zenbait dimentsio kontuan hartuta eskubideen eta bizi-kalitatearen ikuspegitik (hezkuntza, osasuna, etxebizitza, familia, aisialdia eta abar). Sistema hori gai da eskuragarri dauden datuen artetik EAEko haurren eta nerabeen ongizate-egoera azaltzeko adierazgarrienak iruditutako datu estatistiko batzuk hartuta egungo errealitatea deskribatzeko.

Denboran zeharreko egoera monitorizatzeko sistema horiek egiteko, bigarren mailako iturriak eta dauden estatistika-eragiketa ofizialak ondo ezagutu behar dira. Gainera, irizpide jakin batzuen arabera aukeraketa onena egiteko sistematizazio-prozesu egokia jarraitu behar da.

Denboran zehar izandako egoerari jarraipena egiteko modu praktikoa dira, azterketaren helburuaren arabera egokitutako datuen bidez, konparazioak egiteko aukerarekin eta abar.

15 urte baino gutxiagoko 35.000 ume baino gehiago (% 11,7) daude oinarrizko beharrak estali ezin izateko arriskuan, eta krisia hasi zenetik, % 2,6 adin txikiko gehiago dago arriskuan. Txirotasun-arriskuko tasa handiagoa da adin txikikoak dauden etxeetan eta zenbat eta adin txikiko gehiago izan etxean, orduan eta handiagoa da txirotasun-arriskua.

Haur eta nerabeak dituzten etxe batzuk bereziki ahulak dira txirotasunaren aurrean: guraso bakarreko etxeak, atzerriko naziotasuna duen pertsona bat buru duten etxeak, pertsona nagusiak kualifikazio baxua duen edo 35 urte baino gutxiago dituen etxeak.

Gainera, krisia hasi zenetik, handitu egin da hilaren amaierara zailtasunekin iristen diren etxeen ehunekoa, oinarri-oinarrizko beharretarako gastuak murriztu dituztenena, dirua eskatu behar izan dutenena edo etxebizitza ordaintzean atzerapenak edo ez-ordaintzeekin arazoak izan dituztenena.

Gabezia materialek etorkizuneko desabantaila-egoeran eta egoera ahulean uzten dituzte umeak, eta horrek haien garapenean eragina izan dezake hezkuntzaren, gizartearen eta lanaren ikuspegitik. Hori dela eta, funtsezkoa da haurrak kontuan hartzea gure gizarteak aurrean dituen erronken aurrean erabakiak hartzeko garaian, ez haien garapen eta ongizateagatik bakarrik, baita gizarteagatik ere, oro har, etorkizunean kostua benetan handia izan baitaiteke gizartearentzat.