26 Jun, 2019

Zer ikuspegi dute euskal nerabeek aniztasun afektibo-sexualari eta genero-identitate ugariei buruz?

“Lesbofobia, homofobia eta transfobia Hezkuntza Sisteman” azterketak lagundu zien galdera horri erantzuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berrikuntzako Zuzendaritzari eta Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzari.

Nerabeek onartzen dute dagoen aniztasun afektibo-sexuala, familia- eta genero-aniztasuna, eta errespetua agertzen dute LGTBI kolektiboekiko, baina fobia sotilagoak dituzte.

Euskal nerabeek onartzen dute dagoen aniztasun afektibo-sexuala, familia- eta genero-aniztasuna eta errespetua agertzen dute LGTBI kolektiboekiko (lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualez osatutakoak). Oro har, ia ez dago aniztasuna baztertzen duen zuzeneko adierazpenik edo diskurtso publikorik. Gainera, familia- eta harreman-aniztasuna gero eta barneratuago dago. Hala ere, fobia sotilagoak daude oraindik eta zailagoak dira detektatzeko. Nerabe batzuek ez dituzte jokabide fobiko arrazionalak adierazten, baina deseroso senti daitezke, adibidez, lesbianak eta gayak dituztenean, edo desatseginak gerta dakizkieke sexu bereko pertsonen arteko maitasun-adierazpenak. Hala ere, heteroaraua edo genero-rolak zalantzan zenbat eta gehiago jarri, orduan eta aurreiritzi, bazterketa-jarrera edo errespetu gabeko jokabide gutxiago detektatzen dira.

Albistea

Prentsa-oharra

Metodologia kualitatiboa hartuta, deskribapenezko azterketa egitea erabaki genuen, zenbakiak gainditu eta diskurtsoak aztertu nahi baikenituen, esplizitua zenaz harago joateko.

Ikasle nerabeen artean LGTBI kolektiboekiko fobia-jarrera eta -jokabide posibleak identifikatzeaz gain, jokabide horien atzean dauden faktoreak ulertzea eta sakontzea ere lortu nahi genuen, eta horretarako espezifikoki pentsatutako hausnarketa-taldeak diseinatu genituen.

EAEko zortzi ikastetxetako 14 eta 16 urte arteko 128 nerabe, 27 irakasle eta guraso lesbianak edo homosexualak dituzten eta eskolatzeko adineko seme-alabak dituzten eta adin txikiko trans seme-alabak dituzten 11 familia biltzea lortu genuen.

Gainera, landutako alderdietan sakondu nahi duenarentzat, txostenak gaiari buruzko araudi-esparruaren hurbilketa konparatua eta dokumentuen erreferentzia-txostena biltzen du.