20 Feb, 2019

protocolo_municipal

Indarkeriaren eta terrorismoaren biktimei memoria eta aitortza egiteko moduari buruzko Udal Jarduketarako protokolo hau Bakeola, Bizikidetza, Gatazka eta Giza Eskubideak elkarteak egin zuen 2016an. Helburua izan zen udal-eragileei “jarraibideak ematea udal mailan terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei aitortza eta memoria egiteko jarduerak garatzeko“.

Terrorismoaren biktimei erakundeetatik emandako arretari buruz Arartekoak egindako txostenean (2009) jasotzen den moduan, txostena egin zen unean, “hamabost bat udalerrik soilik antolatu zituzten terrorismoaren biktimei omenaldia eta aitortza egiteko ekitaldiak, hala nola terrorismoaren aurkako leloak edo biktimen aldekoak sartzea inprimakietan, fatxadetan, udal-aretoetan, biktimen aldeko monolitoak, udalerriko kale, plaza edo instalazio batzuei biktimen izena jartzea eta abar”.

Datu hori kezkagarria zen hildakoak eragindako atentatuak izandako udalerrien kopuru altuarekin alderatuz gero.

Udal batzuek jarduera-gabezia hori justifikatzeko, aipatzen zuten udalerrietan ez zegoela biktimarik, biztanleria gutxi zutela edo eragile politikoek eta teknikariek ez zekitela arlo horretako jarduerak nola garatu.

Horrekin lotuta, Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak sustatutako ekimenak, Memoriaren Mapa izenekoak, ahalbidetu du azken urteetan euskal udalerri ugari gehitu izana euren udalerrietan izan diren biktimen omenaldi ugari egitera.

Protokolo honen bidez, bereziki, honako hauek egin nahi dira:

  • Indarkeriaren eta terrorismoaren biktimei aitortza eta memoria egiteko udal-jarduerek bete behar dituzten printzipioak definitzea.
  • Indarkeriaren eta terrorismoaren biktimei aitortza eta memoria egiteko tokian tokiko jarduera eta irizpideak ezartzea.
  • Ekimen mota horiek abian jarri nahi dituzten udal-arduradunei orientazioa ematea.
  • Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen eta adituen ekarpenak eta hausnarketak sistematizatzea.
  • Azken urteetan garatu diren udal-jarduera ugariak biltzea.

Bestalde, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak zenbait txosten eta material egin ditu tokiko administrazioari terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei aitortza eta memoria egiteko jarduerak bideratzeko garaian orientazioa eskaintzeko.

Bakeolatik ere beharrezkoa ikusi genuen hausnarketak eta erreferentziazko testuinguruaz gain, arlo horretan udal-jarduerak ahalbidetu eta bideratuko zituzten baliabide eta proposamen zehatzak jasoko zituen protokolo bat egitea. Hori Bakeolaren egiteko moduagatik egin ahal izan da, eta EAEko udalei laguntzeko zereginetan garatzen ari garen laneko esperientziari esker.

Protokoloa egiteko prozesuan, urrats metodologiko hauek egin ditugu:

–     Lehendik dagoen bibliografia berrikustea, bereziki dauden txosten ofizialetan eta araudian oinarrituta.

–     Udalerrietan garatu diren ekimen ugariei buruzko dokumentu-hustea egitea.

–     Arloan lan egiten duten profesionalentzako eta giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimentzako galdetegi laburra egitea eta aztertzea.

–     Azken dokumentua idaztea.

Protokolo horrek etengabeko hobekuntza-asmoa nabarmendu nahi du, hau da, ez da dokumentu estatiko eta itxia, haren jarraipenerako prestatutako espazioetan detektatutako behar ugarietara egokitzen joango da.