09 Feb, 2019

ede_memoria_historica_balmaseda_edefundazioa

2016an, udalerriko talde batek Balmasedako alkateari udalerria hartu zuteneko 80. urteurrenaren testuinguruan ekintza batzuk egiteko interesa agertu zioten, Gerra Zibilean eta diktadura frankistan zehar gertatutako giza eskubideen urraketak ahanzturatik erreskatatzeko asmoz, haien hedapena egiten eta erreparazioan laguntzeko.

Interes horren ondorioz, udala Bakeolarekin harremanetan jarri zen udaletxean ordezkaritza zuten eragile politikoekin nahiz herritarren taldearekin laguntza-lana egiteko memoria historia berreskuratzearen inguruan.

Partekatutako lana izan zen, gutxi gorabehera urtebetekoa, eta handik sortu zen 2017ko martxoko osoko bilkuran onartutako dokumentua: Balmasedan Memoria Historikoa berreskuratzeko politikei buruzko testuinguru-dokumentua, 1936tik 1978.era arte biltzen duena.

Laguntza-lan horretan elkarrekin definitu ahal izan zuten memoria historikoaren kontzeptua, baita estatu mailako, maila autonomikoko eta Europako mailako gertakariak ere,  eta ondoren tarte kronologiko horretan Balmasedan gertatutakoa hartu zuten oinarri. Horrez gain, oinarrizko eskubideak urratu zitzaizkien bizilagunak ere identifikatu zituzten izen-abizen eta guzti.

Hurrengo urratsa eremu horretan udal-jarduerak gidatzeko printzipioak ezartzea izan zen. Arlo horretako ekintzak ezarri ziren. Hain zuzen ere, lau bloketan multzoka ditzakegu: Egia ezagutzeko eskubidearekin, justiziarako eskubidearekin, erreparaziorako eskubidearekin eta ez errepikatzeko bermeekin lotutako ekintzak.

Udalerria hartu izanaren ondorioz pentsatuta egingo diren jarduerez gain, beste batzuk ere egingo dituzte, hala nola tokiko historia museoan memoriari eskainitako espazio bat jartzea, hobiak izan daitezkeen ikertzea, diktaduraren garaian militar eta agintari frankistei Udalak emandako izendapen, domina eta ohoreak baliogabetzea eta abar.

Bakeolarentzat garrantzitsua izan da Balmasedako Udalari laguntzea lan horretan, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea betetzeko agertutako konpromisoagatik, baina batez ere, Balmasedan urraketak izan zituzten biktima guztiei aitortza publikoa egiteko eta erreparazioa emateko egindako apustu irmoagatik.