Indarkeria matxistaren biktima direnei emandako arreta hobetzearen alde Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren eta Gizarte Politikako Departamentuaren artean hartutako lanerako konpromiso komuna dela eta sortu zen EDE Fundazioak bere egin duen kargu hau. Horren helburua indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzuak berdintasunaren ikuspegitik ebaluatzea da.

03 Jul, 2019

Ebaluazio horren helburua hiru galdera jakini erantzuna ematea izan da:

  1. Zer erantzun mota eman beharko genuke? Nola esku hartu beharko genuke indarkeria matxistaren biktima direnekin?
  2. Zer erantzun ari gara eskaintzen? Nola ari gara esku hartzen haiekin?
  3. Zer aldaketa egin dezakegu gure erantzun eta esku-hartzea desiratutako ereduaren arabera egokitzeko?

Enkargu hori erronka zaila izan da guretzat bereziki era horretako ikerketa batek eskatzen duen espezializazio altua eta egiteko zegoen denbora-tarte txikia zirela eta. Horretarako, gako metodologiko batzuk hedatu ditugu:

Lidergoa: Honelako prozesu batek eskatzen duen lidergoa bermatu ahal izateko, proiektuaren ekintza ugariak garatzeko lagun izango genuen talde eragilea eratzea erabaki genuen. EDE Fundazioko proiektuari atxikitako langileek zein Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak eta Berdintasunerako Organoak kontratuaren jarraipena eta gainbegiratze-lana egiteko izendatutako pertsonek osatu zuten taldea.  Taldeak bilera presentzialak zein birtualak egin ditu eta honako hauek lortzeko informazio-trukea eta alderaketa egitea ahalbidetu du: proiektua orientatzea; parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak finkatzea; informazioa jasotzeko materialak, edukiak eta tresnak alderatzea (zer eta nola ebaluatu nahi dugun argitzea eta adostea); emaitza partzialak berrikustea eta, hitz gutxitan esanda, ibilbide osoan erabakiak hartzea eta proiektu osoan ebaluazio jarraitua egitea.

Ikuspegi Feminista: Errealitatera gerturatzeko erabili dugun ikuspegi feministaren oinarriak honako hauek izan dira: printzipio teoriko feministetatik abiatzea, ikuspegi horretatik abiatuta zalantzan jartzea, androzentrismoa desegitea eta sexismoa bistaratzea, ikerketarako helburu berriak eskaintzea, emakumeak informazioaren sorkuntzako partaide bihurtzea ahalbidetzea eta abar. Oinarri metodologiko espezifikoetatik eta esparru kontzeptualetik abiatzen denez, errealitate sozialeko alderdi jakin batzuei lehentasuna ematen saiatzen den ikuspegi kritikoa da. Gainera, desberdintasun eta aldeak agerian jartzea ahalbidetzen eta gizonezkoen eta emakumezkoen ohiturekin, portaerekin, balioekin edo jokabideekin lotuta faktore sozialek eta kulturalek duten eragina sakontzen duen eta genero-ikuspegia txertatzen duen azterketa egitea biltzen du.

Aldaketa: Ebaluazio feminista aldaketa sozialerako tresna dela uste dugu; izan ere: ardatz nagusia bidegabekeria sozialera bideratzen duten genero-desberdintasunak dira; genero-desberdintasuna desberdintasuneko beste faktore batzuekin (klasea, adina, sexu-orientazioa eta abar) elkartzen den bidegabekeria sozialaren adierazpena dela ulertzen du; eta generoan oinarritutako desberdintasuna edo diskriminazioa sistemikoa eta estrukturala dela ulertzen du. Gainera, praktikaren bidez aberasten diren partekatutako gogoetarako tarteak barneratu ditu ebaluazio horrek eta, horrekin lotuta, aldaketarako aukera dakarte berekin. Sisteman parte hartzen duten pertsonen jokabideekiko, gaitasunekiko eta portaerekiko nolabaiteko aldaketak sor ditzake horrek. Beste nolabait esanda, gogoeta sistematikoa eta azterketa oinarri dituen prozesu parte-hartzailea proposatu dugu. Aurrez ezarritako irizpideak eta azterketarako tresna zorrotzak oinarritzat hartuta, parte-hartzaileek beren jarduera hobetzeko eta inpaktua areagotzeko ikaskuntzak bilatu eta erabaki eragingarriak hartuko dituzte. Hori guztia lagungarria da esku-hartzeen kudeaketa hobetzeko, etengabeko hobekuntza lortzeko ikaskuntza eta erabakiak hartzeko prozesua aintzat hartuta.

Elkarlaneko Berrikuntza: Topaketa presentzialak dinamizatzeko, besteak beste, elkarlaneko berrikuntzako tresnak erabili ditugu: Art of hosting eta Visual Thinking, adibidez. Pertsonen parte-hartze eta inplikazioan eta haien esperientzietan oinarrituta daude. Elkarlaneko berrikuntzaren artea izenekoaren oinarria uste irmo honetan eta esperientzia hauetan dago: gure interkonexioaren ulermenean oinarritutako irtenbide berriak topatu behar ditugu guztion onerako. Laneko ingurune heterogeneoetan elkarlana bultzatzen eta babesten duten metodologia parte-hartzaileak eskaintzen dizkigu; elkarrizketa esanguratsuak sortzen eta ezagutza kolektiboaren eraikuntzatik eskuratutako emaitzak biltzen laguntzen du; beste pertsona eta erakunde batzuk ezagutzeko eta harreman eta elkarlanak finkatzeko lagungarriak diren guneak eskaintzen ditu; eta sistema berekoak izan arren, ezberdinak diren “alderdien” topaketa ahalbidetzen du ikuspegi integralagoa hartzen laguntzeko eta koordinazioarekin, bideratzearekin eta abarrekin lotutako gakoei erantzuna emateko partekatutako irtenbideen bilaketan sakontzeko.

Diziplina anitzeko Taldea: Proiektua garatzeko, EDE Fundazioak generoaren ikerketan, ebaluazioan eta aholkularitzan espezializatutako diziplina anitzeko talde teknikoa izendatu du eta, gainera, talde horretan barneratu dira indarkeria matxistaren biktima diren emakumeekin batera esku hartzen duten profesionalak. Hala, prozesuan hainbat ikuspegi barneratu dira eta horrek arrakastarako berme handiagoak eman dizkigu. Taldeak emakumeen eta gizonen berdintasunean eta indarkeria matxistan prestakuntza espezifikoa du, eta esparru horrekin lotutako ikerketako eta aholkularitzako hainbat proiektu garatu du. Gainera, gizarte-zerbitzuekin lotutako proiektuak garatzen eskarmentu handia du. Hori guztia dela eta, lan hau garatzeko prozesuan ikuspegi osagarri ugari bateratzea bermatu dugu.

Izaera aplikatua: Egiten dugun ikerketa motaren ezaugarrietako bat da haren izaera aplikatua. Beste nolabait esanda, ekintzara eta praktikan eragina izatera bideratuta dago. Lan honen bidez, hobetzeko esparru zehatzak identifikatzeaz gain, erantzun hobea emateko oztopo diren faktore eta gakoak sakondu nahi dira. Arazoen azterketa sakonagoa eta zehatzagoa egiteak horiei aurre egin ahal izateko beharrezko bitartekoak identifikatzen lagunduko digula uste dugu.

Kalitatea Bermatzea: Era berean, azpimarratu beharrekoa da taldearen ibilbideak lan honetarako azterketaren zorroztasuna kontrolatzeko eta integrazio metodologikoa egiteko estrategiak aplikatzea bermatzen duen behar adina profesional bideratzea ahalbidetzen duela. Triangulazioa deitzen zaio horri. Horren arabera, emaitzak interpretatzeko lanean hainbat lagunek hartzen du parte eta horrek ikerlari bakoitzaren ikuspegi partikularrak izan dezakeen joera minimizatzea bermatzen du. Triangulazioa dela eta, hainbat behatzaile erabiltzen da, banakako bakoitzari kontrajarrita, eta horren bidez, pertsona bakar batetik etor daitekeen joera potentziala desagerrarazten da eta amaierako interpretazioetan fidagarritasun handia berma daiteke. Ondorioz, taldeko lanak garrantzi berezia du eta kalitatea kontrolatzeko eredu gisa etengabeko alderaketa aukeratu dugu. Horrenbestez, proiektuak irauten duen prozesu osoan, taldeak aldizkako bilerak izango dituela aurrez ikusi da.

Gainera, prozesu horretan etengabeko hobekuntza-ikuspegia hartu da eta, ondorioz, hasierako planteamenduaren gainean aldaketa eta hobekuntzak txertatu ahal izateko irekiera metodologikoa jasotzen du helburuak hobeto lortzeko lagungarriak izan daitezkeenean. Hala, informazioa jasotzeko prozesuak aurrera egin ahala, ikerketako taldeak ikuspegi kualifikatuagoa izango du ekintza jakin batzuk hedatzea, pertsona jakin batzuk horietan parte har dezaten gonbidatzea eta abar komenigarria den ala ez baloratu ahal izateko.

Parte-hartzeaEDE Fundazioaren ustez, ebaluazioa prozesu parte-hartzailea da eta garrantzitsua da bertan intereseko talde eta eragile ugari barneratzea eta haien ikuspegiak harmonizatuko lituzkeen izaera integratzailea hartzea. Proiektu honen landa-lana egiteko garaian, 200 pertsona inguru barneratu ditugu.