13 Feb, 2019

exposicion_ede_sitio
Bakeola, Bizikidetza, Gatazka eta Giza Eskubideak elkarteak Oroimena Bizirik memoria historikoa berreskuratzea lantzen duen erakusketa jarri du martxan. Donostiako Udalak eskatuta, 2016ko Donostia Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan garatu zen, eta erakusketa Aiete Kultur Etxean egon zen 2016ko irailaren 13tik azaroaren 27ra.

Erakusketa berezia da; izan ere, instalatu aurretik, hiru hilabeteko tartea behar izan da Bakeolak biktimen familiako kideekin eta tokiko memoriaren aldeko elkarteekin batera ikerketa-lana egiteko. Ikerketa horren ondorioa dago ikusgai erakusketaren funtsezko atal gisa; protagonistek eurek, lekukotza, dokumentu eta argazkien bidez, kontatzen dute tarte kronologiko jakinean (1936-1978) gertatutako urraketen istorioa; hala, egiaren eta erreparazioaren eskubidearekin lotutako alderdiak lantzen dira.

Erakusketaren helburua da tokiko memoria kolektiboaren balioa berreskuratzea, biktimekiko enpatia sortzea eta gertatutakoa ez errepikatzeko elkarteak eta herritarrak mobilizatzea lan bizian.

Donostian, erakusketa lau espaziotan egituratu zen:

LEHEN ESPAZIOA: zer gertatu zen? TESTUINGURU OROKORRA: Lehen espazio horretan Espainian, Euskadin eta Gipuzkoan Espainiako Gerra Zibilean eta diktadura frankistan gertatutakoen edukia jarri zen.

BIGARREN ESPAZIOA: Eta DONOSTIAN? Zer gertatu zen? TESTUINGURU OROKORRA: Bigarren espazioak Donostian Espainiako Gerra Zibilean eta diktadura frankistan gertatutakoak biltzen zituen.

HIRUGARREN ESPAZIOA: Nork bizi izan zuen hori?: Giza eskubideen urraketen biktimei eskainitako espazioa, Donostiako gizon-emakume askoren bizitzako istorio ahaztuei eskainitakoa.

LAUGARREN ESPAZIOA: Zer egin dezaket nik?: Donostian martxan jartzen ari ziren memoria historikoaren berreskuratze-prozesuei buruzko informazioa biltzen zuen espazioa, erakunde mailako ekintzetatik hasi eta Donostiako memoriaren aldeko elkarteen lanera arte.

Martxan jartzeko, ezinbestekoa izan zen memoria historikoa lantzen duten elkarte batzuen lankidetza, eta Donostiako pertsona batzuen inplikazioa eta ekarpena, haien lekukotza, oroitzapen, argazki, objektu eta abarrekin…

Honako hauen lankidetza izan zen, besteak beste:

  • Gernikako Bakearen museoa.
  • Aranzadi Zientzia Elkartea (Jean Pelletier Funtsa).
  • Bilboko Museo Etnografikoa.
  • Euskal Abertzaletasunaren Museoa. Sabino Arana Fundazioa.
  • Lenbur Fundazioa.
  • Miren Egaña
  • Maiteder Elosegi
  • Juantxo Egaña
  • Antonio Prior
  • La ilusión Elkartea
  • Kresala Elkartea
  • Lazkaoko Beneditarren Fundazioa
  • Badihardugu Euskara Elkartea
  • Euskal Filmategia
  • Gure Gipuzkoa
  • Kutxateka
  • Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren artxibo orokorreko dokumentu-funtsak.

Erakusketa jendearentzat zabalik egon zen norberak bere kabuz bisitatzeko, eta bisita gidatuak ere izan zituen ikastetxe eta elkarteei bideratuta. Guztira 1.000 partaide baino gehiago izan zituen.

Ikastetxeen bisitak egin aurretik programa pedagogikoa ere egin zen, gazteek Espainiako Gerra Zibilean eta diktadura frankistan gertatu zena testuinguruan jarri ahal izateko hezkuntzako jarduera ugari landu ahal izateko ikasgelan.