10 Feb, 2019

proceso_adaptacion_certificados_profesionalidad_edefundaziona

Aurten aro berria hasiko dugu eta Aisialdirako hezkuntzak aitortza bikoitza izango du: Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzarena eta Gazteria Zuzendaritzarena. Horrela, aldi berean Gazteria Zuzendaritzaren haurren eta gazteen aisialdirako begirale titulua eta Enplegu Zuzendaritzaren haurren eta gazteen aisialdi hezitzailearen arloko jardueren dinamizazio profesionalerako ziurtagiria lortuko dira.

Laneko urte askoren emaitza da hori, zehazki 2004-2005etik, kualifikazioen katalogo nazionalean komunitateari egindako zerbitzuen eta zerbitzu soziokulturalen familiaren barruan kualifikazio profesionalak sartu zirenean. Horren barruan zegoen aisialdiko prestakuntza (begiralea eta zuzendaria).

Pixkanaka ezagutu genituen INCUAL, IVAC… Konpetentzien araberako prestakuntzaren metodologian prestakuntza jaso genuen eta gero gure ikastaroetan sartu genuen ikasitako guztia. Prestakuntza-ibilbidea egokitu behar izan dugu, emateko lekua, eduki batzuk, bereziki haiei eskainitako denbora, eta metodologikoki konpetentzien araberako prestakuntza-metodologiarekin oso bat gentozela ikusi dugu. Gure metodologia prestakuntzetan parte hartzen duten pertsonen esperientzian eta praktikan oinarritzen da, ikaslea bera da ikaskuntzaren protagonista, irakaslea ikasleen bidelagun da, ez du eskola magistralik ematen, konpetentzien araberako prestakuntzaren atzean dagoen filosofiarekin bat dator.

Neurri batean, aukera gisa bizi izan dugu prozesua. Prestakuntza berrikusteko eta eguneratzeko aukera, prestakuntza jasotzeko eta ikasteko aukera, beste batzuekin sarean lan egiteko aukera. Didania (aisialdiko erakunde kristauen federazioa) kontrasterako, babeserako, sarean lan egiteko… erabili dugu. Tokian-tokian, Euskadiko Aisialdi Eskolekin ere lan egin dugu.

Hori guztia eskoletako irakasle boluntarioen esfortzuari esker egin ahal izan dugu, prozesu guztian parte hartu baitute. Azken 10 urte baino gehiagoan, pertsona asko pasatu dira eta ekarpen ugari egin dituzte eskolako sailen bidez, eta une bakoitzean eskolako arduradun izan diren pertsonen gidaritza jaso dute. Pertsona horiei egindako esfortzua eskertu nahi diegu. Eta azken bultzada honetan, EDE Fundazioaren okupazio-prestakuntzaren arduradunei eskerrak eman nahi dizkiegu, zentroen homologazio-prozesu osoan lagundu baitigute ziurtagiriak eman ahal izateko, eta oraindik ere laguntzen digute egunerokotasunean ibilbidearen lehen urte honetan.