02 Jul, 2019

Europar Batasuna elkarte ekonomiko eta politikoa da, parekorik ez duena, eta Europako 27 herrialdek osatzen dute. Herrialde horiek, elkarrekin, kontinentearen zati handia hartzen dute.

EBren jatorria Bigarren Mundu Gerraren ondorengo aldian dago. Lankidetza ekonomikoa sustatzea izan zen lehen pausoa, herrialdeen arteko elkarmendekotasun ekonomikoa handitu ahala, gatazka-aukerak murriztu egingo ziren ideiarekin.

Europar Batasuna (EB) 27 herrialdez eta 490 milioi herritarrez osatutako familia da, eta elkarrekin bakearen eta oparotasunaren alde lan egiten dute. 1957ko Erromako Ituna da EBren sortze-agiria.

Europa ez da aldi batean eta baterako lan bakarrean egingo: lehenik eta behin izatezko elkartasuna sortuko duten gauzatze jakinei esker egingo da.

EB Zuzenbide Estatuan oinarritzen da: jarduera guztiak itunetan oinarritzen dira, kide diren herrialdeek borondatez eta demokratikoki adostutako itunetan. Gainera, EB ordezkaritzaren araberako demokrazia-printzipioak arautzen du: herritarrak zuzenean ordezkatuta daude Europako Parlamentuan, aldiz, kide diren estatuek ordezkaritza Europako Kontseiluan eta EBko kontseiluan dute. EBren erdigunean Estatu kideak eta herritarrak daude.

EBren bereizgarria honako hau da: herrialde guztiak burujabeak eta independenteak izan arren, «burujabetzaren» zati bat partekatu dute indarrak bateratzeko. Burujabetza partekatzeak esan nahi du, praktikan, Estatu kideek erabakitzeko ahalmenetako batzuk sortutako erakundeen esku uzten dituztela, guztien intereseko gai jakin batzuei buruzko erabakiak Europa mailan eta demokratikoki hartu ahal izateko.

Aldaketak egiteko azken ituna (Lisboako Ituna) Lisboan sinatu zen 2007ko abenduaren 13an eta 2009ko abenduaren 1ean sartu zen indarrean. EBn erabakiak hartzean zenbait erakundek hartzen dute parte:

  • Europako Parlamentua, EBko herritarrak ordezkatzen dituena eta zuzenean haiek aukeratzen dutena.
  • Europako Kontseilua, EBko kide diren estatuetako estatuburuek edo gobernuburuek osatzen dutena.
  • Kontseilua, EBko kide diren estatuetako gobernuak ordezkatzen dituena.
  • Europako Batzordea, EBren interesak, oro har, ordezkatzen dituena.

2000. urtetik, EBk goiburu bat du: Dibertsitatean batuta. Goiburu horrek agerian uzten du EBk kultura, tradizio eta Europako hizkuntza ugariekiko duen errespetua. Europar Batasunak maiatzaren 9an ospatzen du urtero Europako Eguna. Data horrek esanahi berezia du Europan: 1950eko maiatzaren 9an, orduan Frantziako atzerri-gaietako ministro zenak, Robert Schumanek, lehen aldiz aurkeztu zuen Europa pixkanaka bateratzeko proposamen bat, gerraosteko Europan bakea, demokrazia eta oparotasuna lortzeko ezinbesteko baldintza gisa.

Dagozkion argi-itzalekin, eta agertoki konplexu honetan, EBk mende erdi baino gehiago eman du bakean, egonkor eta oparotasunean, eta Europako txanpon bakarra sortu du: euroa…

“Zer bide hartu erabakitzean, gogoan izan behar dugu Europa beti hobeto ibili izan dela batuta, tinko eta elkarrekiko konfiantzarekin egon garenean, elkarrekin gure etorkizuna eraiki ahal izateko. Europar Batasunak gure bizitzak hobetu ditu. Gure ondoren etorriko diren guztien bizitzak hobetzen jarrai dezan zaindu behar dugu.”

EB estimatzeko arrazoietako batzuk

  • EBko kideak oinarrizko eskubideak eta askatasunak errespetatzen diren munduko herrialdeen herena dira.
  • EB munduko bloke komertzial handiena da. Esportazioak, guztira (UE27) 5,8 bilioi euro ingurukoak dira.
  • Europako 6,5 milioi herritarrek egun EBko kide den beste estatu batean lan egiten dute. 30 urtean, Erasmus programak bederatzi milioi gazteri aukera eman die atzerrian ikasteko edo esperientzia profesionala eskuratzeko.
  • EB28ko bizi-itxaropena munduko batez bestekoa baino zortzi urte handiagoa da (79,6 urte; aldiz, mundukoa, oro har, 71,4 urtekoa da). Langile guztiek dute eskubidea urtean ordaindutako lau asteko oporraldia izateko.
  • 1984an ikerketako Europako lehen esparru-programa abiatu zenetik, Batasunak ia 200.000 milioi euro inbertitu ditu I+G zientifikoa eta teknologikoa finantzatzeko. Hogeita zortziek ikerketan egindako munduko gastuaren % 25 egiten dute, eta patenteen munduko eskaeren herena.
  • EBk modu solidarioan ematen duen finantzaketa munduko hamar bat herrialde baino gehiagorentzat inbertsio publiko osoaren % 40 inguru da. Gainera, bakea mantentzeko misioetan NBEren ekintzei laguntza handiena ematen diona da.