BegiradakBegiradak

Irudia: Alex Carrascosa.

Grace Requejo, Responsable de igualdad y Consultora de Fundación EDE, experta en género

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontzeptua gero eta ezagunagoa da, eta gure erakundeetan entzungai ditugun diskurtso askok aipatu eta barneratu dute. Nazio Batuen arabera, emakumeen aurkako indarkeria esaten zaio “sexua oinarri duen indarkeria-egintza oro, emakumeei kalte edo sufrimendu fisiko, sexual edo psikologikoa eragitea ekar dezakeena, bai eta egintza horien mehatxuak, bortxak edo askatasuna bidegabe kentzea, bizitza publikoan nahiz bizitza pribatuan gertatzen bada ere”.

Halaber, gure ustez, bazterketa mota bat da, eta horrenbestez, giza eskubideen urraketa bat. Halaber, emakumezkoen eta gizonezkoen artean historikoki desberdinak izan diren botere-harremanen adierazpen bat da, bizitza publikoan eta pribatuan. Zentzu horretan, emakumeen aurkako indarkeria gure sisteman bizi dugun desberdintasun-egoerako ondoriorik muturrekoena dela ohartzen hasten gara: gaizki banatutako zaintza-ardurak, emakumezkoen kutsua duten sektoreak eta gaizki ordaindutakoak, emakumeen mugikortasun profesionala mugatzen duten zoru itsaskorrak, soldata-arrakalak, eta abar.

Jakin badakigu emakumeen aurkako indarkeria ez dela kultura baten, erlijio baten, gizartearen barruko emakume-talde baten, herrialde baten edo kontinente zehatz baten kontua soilik. Badakigu zehatza dela, bai eta unibertsala ere, munduko eskualde, herrialde eta kultura bakar batean ere ez baita lortu emakumeak indarkeriatik libratzea.

Halaber, maiz entzuten ditugu munduan gertatzen diren emakumeen aurkako zenbait indarkeria moduri buruzko datuak, besteak beste, hauei buruzkoak: indarkeria fisikoa eta sexuala, min eta gehiegikeria psikologikoa eta emozionala, emakumezkoen genitalen mutilazioa, sorginkeria eta aztikeria salaketen ondoriozko gehiegikeria, ohore-arrazoiengatik hildako emakumeak eta neskatilak, emakumeen eta neskatilen salerosketa, neskatoen hilketa, neskatoen bortxazko ezkontzak eta ezagutzen ditugun beste praktika ugari. Datu horiek aurrean ditugunean kontzientziak astintzen zaizkigu. Eta badakigu datu horiek ez dutela emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren hedadura osoa aintzat hartzen. Beraz, erakundeetara gerturatu ez diren emakumeen errealitatearen berri ez digute ematen: salatu ez duten emakumeak edo indarkeriari beste bide batzuen bidez aurre egin diotenak (familiaren, lagunen, komunitatearen babesa, etab.).

Arlo horretan, erakundeak tresnak (legeak, adierazpenak, hitzarmenak, protokoloak eta abar) garatzen ari dira, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazten eta biktimak artatzen gero eta egokiagoak izan nahi dutenak. Gaur egun, genero-indarkeriaren biktimen ordaintzarako eskubidea sakon jorratzen ari dira. Nazioartean aitortutako giza eskubide bat da, horrek berekin dakarren guztiarekin. Eta, era berean, gertuko etorkizun batean heldu beharreko erronkak berriz zehazten ari dira, 4/2005 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoa, aldatzeko Legearen aurreproiektuak erakusten digun bezala. Erronka batzuk izango dira, besteak beste: emakumeen eta gizonezkoen arteko arazo sistemikoaren eta unibertsalaren baitan emakumeen aurkako indarkeriaren kokapenari buruzko ikuspuntu partekatua bermatzea; biktimen eskubideen neurrietan salaketaren eta ikuspuntu polizial-judizialaren ikuspuntua gainditzea; intersekzionalitate-ikuspuntua txertatzea, biktima orok erabateko arreta, doakoa eta kalitatekoa izatea bermatuz, bere egoera pertsonala, soziala eta administratiboa gorabehera, eta batez ere, zaurgarritasun-egoera handienean daudenak.

Erakundeetan urratsak ematen ari gara emakumeen aurkako indarkeria oso-osorik ulertzeko eta hari heltzen saiatzeko, iristen zaizkigun datuak hobetzen laguntzeko eta lehen aipatutako erakundeek emandako aurrerapenak gure egiteko. EDEren erakunde multzoan 15 urte baino gehiago daramatzagu zorrotz lan egiten, zenbait estrategiaren bidez, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko aurrerapausoak emateko.

Alde batetik, gure estrategiaren ardatza da erakundearen barruan indarkeria matxistako egoerei aurrea hartzea eta egoera horiek artatzea. Zentzu horretan:

  • urtean, Zuzendaritzak sexu-jazarpeneko eta sexu-arrazoiagatiko egoerei aurrea hartzeko eta egoera horiek artatzeko jokabide-kodea onartu zuen, bai eta EDE osatzen duten erakundeen baitan izandako salaketak biltzeko eta tratatzeko ardura duen aholkularitza konfidentziala ere.
  • jokabide-kodea eta barne-salaketako prozedura hedatzeko eta aurkezteko saioak egin ziren, eta harreretan aurkeztu zen.
  • langileei zuzendutako prestakuntza eman zitzaien zenbait gairen inguruan, hala nola autodefentsa feminista, mikromatxismoak eta maskulinitate berriak.
  • Erakunde osoarentzako sentsibilizazio-kanpainak egin dira azaroaren 25aren, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Egunaren, bueltan, 2008tik hasita urtero.
  • Gizonezko langileen taldeak sortu ziren, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako jarrera hartu eta manifestatzeko.

Halaber, programak eta zerbitzuak sortu dira, genero-indarkeriako egoeran dauden emakumeak hautemateko eta artatzeko, nerabeei eta gazteei zuzendutako prebentziorako edo lan-esparruan emakumeen enplegagarritasuna hobetzeko, hala nola Emaktivaren bidez.

Hala ere, emakumeen aurkako indarkeria gure gizarte heteropatriarkalaren egiturazko desberdintasunaren ondorio dela uste osoa dugunez, gure Berdintasun Planen eta Orekatuz Batzordearen (EDEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako batzordea) baitan, 2012tik zenbait ekintza garatu dira, xede hauekin:

  • erakundea osatzen duten pertsonei emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazioa.
  • emakumeak ahalduntzea, lidergorako gaitasunak garatuz eta lidergoari dagozkion ardura-postuetarako sarbidea.
  • barne- eta kanpo-komunikazioa berdintasun-irizpideekin.
  • bizitza pertsonala, familiarra eta lanekoaren arteko bateratze arduratsua kudeatzea.
  • berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontra lan egiten duten erakundeen sareekin (Bai Sarea, Emakumeok Bidean, Gizatea…) praktiketan parte hartzea eta praktikak partekatzea.
  • Gure proiektuetan, programetan eta zerbitzuetan, besteak beste, genero-ikuspuntua txertatzea.

EDE Fundazioan Genero Aholkularitza sortzeari esker, erakundean eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuetan berdintasun-estrategia garatu ahal izan da, planak eta erakundeen arteko esku-hartze edo lankidetza prozesuak egiten eta ezartzen lagunduz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan prestakuntza eta ikerketa babestuz eta ikuspuntu feminista txertatuz.

Etorkizuneko erronkatzat dugu, besteak beste, aurrerapausoak ematen jarraitzea, gure berdintasun-planak eta beren printzipioak erakundearen estrategian sakon sartzen jarraitzeko, berdintasunaren eta indarkeria matxistaren esparruan programak eta zerbitzuak berritzeko edo sektoreko edo beste sektore batzuetako erakundeekin batera gizarte-salaketari heltzeko. Halaber, ez dugu ahaztu erakundeen egunerokoan indarkeria-adierazpen sotilagoei edo gizartean horren ikusgarriak ez diren adierazpenei erreparatzea. Intentsitate txikiko jokabidetzat har daitezke, naturalizatutzat, legezkotzat eta ezkutukotzat, eta gizonek, printzipio eta balio matxistak dituztenek, kontzientzia handiagoa edo txikiagoa izan dezaketenek, emakumeen gainetik beren agintea eragiten jarraitzeko. Horixe da sektoreko gure erakundeetarako, hala nola gurerako, erronka nagusia, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazten aurrerapausoak eman nahi baititu, bai eta berdintasuna lortzeko ere.

Grace Requejo

EDE Fundazioko berdintasun-arduraduna eta aholkularia, generoan aditua

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Post comment