enplegua_elkarrizketa
Lan-elkarrizketa ona egiteak erabakiko du hautagai garen lanposturako benetan pertsona egokiak garen. Beraz, gure buruaren onena atera nahi badugu elkarrizketatzailearen aurrean, garrantzitsua da elkarrizketaren funtzionamendua ezagutzea. Ongi etorri KONPETENTZIEN ARABERAKO ELKARRIZKETAREN mundura.

Konpetentzia aipatzen dugunean, pertsona batek izan ditzakeen gaitasun, trebezia eta ezagutzez gain, horiek erabiltzeko duen gaitasuna eta egoera jakinen aurrean erantzuteko duen gaitasuna ere baloratzen da. Baita lan-eremuan sor daitezkeen arazoak konpontzeko duen gaitasuna ere. Konpetentzien araberako elkarrizketak aukera ematen du zure pertsonalitateari, gaitasunei eta lanean dituzun jarrerei buruz gehiago jakiteko.

Zer esan diezadakezu zutaz? Nola deskribatuko zintuzkete lankideek? Honelako lanik egin al duzu lehendik? Zer espero duzu lanpostu batean? Zer eskain dezakezu zuk beste hautagai batzuek eskaintzen ez dutenik? Ezagutzen duzu erakundea? Konta iezadazu lan-taldearekin gatazkaren bat izan duzun esperientziaren bat… Konta iezadazu zure lana zalantzan jarri zuten esperientziaren bat…

Ziurrenik noizbait elkarrizketaren batean egin dizkizuten galderak izango dira, eta agian zalantzak izan zenituen nola erantzun, edota blokeatuta utziko zintuzten. Pentsa ezazu entzun nahi dituzten erantzunek erakutsi behar dutela hautagaia ondo egokituko dela lanpostuak eskatutakora, ondo egokituko dela lantaldean eta erakundean, eta eguneroko zereginetan esperientzia eta gaitasun horiek erabiltzeko gaitasuna izango duela.

Enpresak baloratuko du lanpostuko zeregin espezifiko horiek egiteko gai ote zaren, erakundean egokitzen zaren eta beharrezko gaitasun pertsonal eta profesionalak badituzun. Lidergoa, aldaketara egokitzea, ekimena, taldean lan egiteko gaitasuna eta abar. Horiek dira konpetentzien araberako elkarrizketa batean funtsezkoak diren adibideak.

Joango al zinateke casting batera aurretik prestatu gabe? Hemen dituzu lagungarri izango zaizkizun gako batzuk:
  • Ezagutu zure burua.
  • Ikertu lanpostuari buruz.
  • Ezagutu erakundea edo enpresa.
  • Prestatu galdera posibleak. Hitz bat proposatzen dizut, ikasi buruz: STAR.

Situación (Egoera): enplegurako konpetentziak frogatu dituzun adibide errealak

Tarea (zeregina): Zein zen zure zeregina, zer egin behar zenuen, zer espero zuten zugandik…

Acción (ekintza): zer egin zenuen, nola egin zenuen …

Resultado (emaitza): zein izan zen emaitza, neurgarriak eta egiaztagarriak

Prestatu konpetentzia horiek frogatzen dituzten zure bizitzako egoerak, adibideak eta pasadizoak, hitz egin lehen pertsonan, argudiatu erantzunak bizitako egoera errealekin.

Izan pertsona zintzoa, izan naturala, zintzotasunez hitz egin, natural, BAINA PRESTATZEARI UTZI GABE.

Eta orain, inoiz baino gehiago… STARt!