EAEn bakarrik etorritako adin txikiko eta gazte etorkinei laguntzeko sare informaletara hurbiltzea

Sarri beste erakunde eta instituzio batzuek eskatutako ikerketak egiten ditugun arren, haien kezkei erantzuteko, EDE Fundazioak ikerketarekin duen konpromisoa harago doa eta eraldaketa sozialean laguntzen duten ekimen propioko proiektuak ere garatzen ditugu.

Ikerketa hau proiektu horietako bat da, eta haren helburua da EAEn bizi diren eta bakarrik etorritako adin txikiko eta gazte etorkinei emandako berdinen arteko laguntza-sare informalek eskaintzen dituzten elkartasunezko esperientzia arrakastatsuei eta positiboei balioa ematea.

Azterketa garatzeko, BBKren Gizarte Ekintzaren (2010eko deialdia Bizkaiko irabazi-asmorik gabeko erakundeei etorkinei laguntzeko proiektuetarako) eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaien Saileko (Euskadin Esku-hartze sozialeko eremuan Hirugarren Sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntza) finantzaketa izan genuen.

Bakarrik etorritako adin txikikoei eta gazteei laguntza informala emateko sare soziala eratzen duten berdinen arteko harreman pertsonalak sakontzea izan genuen helburu: sareen egitura, osaketa, neurria… aztertu; sare horiek laguntza eskaintzen duten heinean zer garrantzi duten kalkulatu; beharrak, oro har, betetzen gizarte-laguntza publikoek duten garrantzi erlatiboa baloratu eta abar.

Zehatzago esanda, hauexek ziren helburuak:

  1. Bakarrik etorritako eta EAEn bizi diren adin txikiko eta gazteen arteko harreman pertsonalak deskribatzea eta harreman pertsonal horien saretik sortzen den laguntza informala aztertzea.
  2. Bakarrik etorritako eta EAEn bizi diren atzerriko adin txikiko eta gazteek duten laguntza formal eta informalaren garrantzia identifikatzea eta erlazioak egitea, beharrak betetzean harreman pertsonalen ondorioz jasotako laguntza informalaren garrantzi erlatiboa ezagutzeko.
  3. Bakarrik etorritako eta EAEn bizi diren adin txikiko eta gazteen kolektiboaren berdinen arteko elkartasun-jardunbideak bistaratzea eta kolektiboarekin gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea egiten duten profesionalei lana bideratzeko giltzarriak ematea.

Kolektibo horren sare informalak ezagutzeko eta horietan sakontzeko, funtsezkoa da sareen azterketa zorrotza egitea ahalbidetuko duen teknika bat aukeratzea. Horretarako, bilaketa zorrotza egin genuen argitalpen eta iturri espezializatuetan, eta metodologia interesgarria topatu genuen: Sare Sozialen Analisia (ARS, gaztelaniaz) izenekoa.

Giza zientziek gero eta gehiago erabiltzen dute Sare Sozialen Analisia (ARS), egiturazko analisi ere deitzen zaiona, eragile sozialen (banakoak, erakundeak…) arteko harremanetatik sortzen diren egitura sozialak neurtzeko. Eragileen arteko harremanen azterketa formala egiteko teknika multzoa da, horri esker, elementuen arteko erlazioak eta erlazio-ereduak azter daitezke.

Sare Sozialen Analisiaren literaturatik bi hurbilketa ateratzen dira: soziozentrikoa, aurrez definitutako eragile talde (nodo) baten artean dauden loturen propietate eta ezaugarriak azaltzen dituena, eta egozentrikoa, eragile jakin batetik (ego) abiatuta egin daitezkeen konexioak oinarri dituena.

Sare sozialaren kontzeptu hertsiak banako multzo baten artean dauden lotura guztiei egiten die erreferentzia (Requena Santos, 1996). Hau da, subjektu batzuen eta besteen artean dauden elkarlotura guztiak aztertzen ditu, haietako guztien informazioa jasoz (hori izango litzateke ikuspegi soziozentrikoa).  Kasu honetan, gure helburua pixka bat aldentzen da ideia horretatik, banako baten sare pertsonala aztertu nahi baikenuen, subjektutik zuzenean ateratzen edo iristen diren lotura guztiak, hala, eragile bakar baten ingurune soziala definituz (ikuspegi egozentrikoa). Kontzeptu horri “sare sozial egozentrikoa”, “sare egozentrikoa” edo “sare pertsonala” deitzen zaio (Requena Santos, 1996). Azken batean, sare pertsonalen analisia.

 

ARS analisirako, funtsezkoa da kapital sozial, kultural eta ekonomikoaren kontzeptua (Bourdieu hemen aipatuta: Molina, 2005). Kapital soziala lotzen da pertsonak euskarri dituen baliabide emozionalen, instrumentalen eta materialen kopuru handiagoetarako edo txikiagoetara sarbidea izatearekin (Mena, Palou eta Ana Garay, 2005), baina kapital ekonomikoa printzipio beraren laneko korrelatua da eta kapital kulturalak baliabide gehiago edo gutxiago erabiltzea ahalbidetzen du. Hiru kapital motak elkarrekin lotzen dira eta elkar sustatzen dute. Etorkinen kasuan, kapital soziala izateak gizarte hartzailean eroso sentitzeko prozesuak erraz ditzake, baita harrera eta ongizatea mantentzea ere.

Horrekin lotuta, proiektua gure ikerlari talderako ere ikaskuntza-aukera handia izan da, etengabeko hobekuntzari dagokionez.

Zehazki, azterketan sare egozentrikoak aztertu genituen, eragile (ego) batetik abiatuta izan daitezkeen konexio gisa ulertuta. Hau da, elkarrizketatutako pertsonetatik zuzenean abiatzen edo iristen diren lotura guztiak aztertu ziren, hala, haren ingurune soziala definituz. Gainera, Grafos Teoria aplikatu zen, sare bateko pertsonak “nodoak” edo “erpinak” izanik, eta harremanak, aldiz, “loturak” edo “ertzak”.

Informazioa lortzeko, lagina osatu zuten 14 subjektuetako bakoitzaren sare pertsonalak zehatz eta sistematikoki jasotzeko egokitutako galdetegia landu genuen. Jasotako informazioa aldi berean SPSS estatistikako programan eta Egonet programan irauli genuen. Software hori sare egozentrikoak edo pertsonalak aztertzera eta jasotzera bideratuta dago bereziki; beraz, azterketaren beharretara gehien egokitzen zen aukera hartu zen. Galdetegia elkarrizketa batean aplikatu genuen, eta hala, aztertutako subjektuaren errealitatea testuinguruan jarri ahal izan genuen.

 

Emaitza nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Oro har, denbora pasatu ahala, sarea hazi eta heterogeneoagoa egiten da.
  • Oro har, sare segmentatuak edo kontzentratuak dira.
  • Espazio sozialetan parte hartzeak sarea aberastea ahalbidetzen du.
  • Sareko pertsonak, funtsean, laguntza espezifikoa ematen dutenak dira.
  • Berdinen sare informala babes emozional garrantzitsua da adin txikikoentzat.
  • Sareko laguntza instrumentalak izaera puntuala izan ohi du, baina funtsezkoa da hasieran. Informazioa ematen dutenen artean, garrantzi adierazgarria dute profesionalek eta autoktonoek.
  • Jasotako babes bera itzultzen diete gero baldintza beretan dauden beste batzuei.
  • Funtsezkoa da harreman-sare informalak sustatzea eta haiek heterogeneoak izan daitezen eta pertsona autoktonoak har ditzaten ahalbidetzea.
  • Aisialdiko baliabide espezializatuak giltzarriak izan daitezke hori lortzeko eta, beraz, funtsezkoa da horiek sustatzea.

Azterketaren emaitzak 2012an Bilbon egindako IX. Soziologia eta Zientzia Politikoaren Kongresuan:Gizarte Zientzia berria aro berri baterako”kongresuan aurkeztu zituzten. Txosten osoa helbide honetan kontsulta dezakezu:

https://issuu.com/edeconocimiento/docs/08._experiencias_de_solidaridad_de_