Europa gehiago eta hobea proiektua EBrako Estatu Idazkaritzak kofinantzatzen du eta haren helburua da EBn Batasunak lurraldetik, eta kasu honetan, Euskaditik egin beharreko ekintzen inguruan eztabaidatzea eta informatzea.

Testuinguru konplexua izanik (muturreko jarrerak, errefuxiatuak, Brexita, Europaren aurkako mugimendu populistak) eta Erromako Itunen sinaduren 60. urteurrena ospatzen denez, “Europa gehiago eta hobea” egiteko eta zabaltzeko unea da, Europak eskaintzen dizkigun aukerak eta abantailak herritarrei hurbilduz, eta lortutako lorpenei eta egindako aurrerapenei buruzko hausnarketa proposatuz. Europa berria birplanteatu behar da, Europa malgua, arina eta modernoa, egungo arazoen neurriari aurre egingo diena, Erromatik ateratako espiritu europazale haren oinarriak eta nortasun-espiritua galdu gabe (are hobe, hura indartuz).

2016ko irailean Batasunaren Egoerari buruzko eztabaidan Juncker presidenteak ezin hobeto definitu zuen: Oso naturala den frustrazio-sentimenduak eraman gaitzan utziko dugu? Depresio kolektibora bidean joango gara? Batasuna gure begi aurrean desintegratzen utzi nahi dugu? Edo hau esango dugu: Ez al da hau zutitzeko unea? Ez al da hau mahukak bildu eta gure esfortzuak bikoizteko edo hirukoizteko unea? Ez al da hau Europak inoiz baino lidergo erabakigarriagoa behar duen unea, politikariak itsasontzia uzten ikusi ordez?

Dauden arazoen neurria aitortuta, nazioarteko begirada asko Europari begira daudela jakinda, goi bileretatik harago joan behar dela jakinik, eta bereziki, Europa Estatuetatik eta lurraldetik egin behar dela jabetuta, presidenteak zabaldu nahi ditugun ekimenen agenda espezifikoa proposatu zuen.

Ekintza horren azken helburua honako hau da: Europa egonkorra, langileen eskubideak bermatuko dituena eta aurrerapen soziala sustatuko duena eraikitzen laguntzea, hain ederra eta hauskorra den bakea zainduko duena, Europako herritarren bizi-estiloa babestuko duena eta haiek ahaldunduko dituena, eta funtsean, guk, erakundeek, gobernuek, herritarrek, guztiok, Europa hori eraikitzeko erantzukizuna hartuko duguna. Elkarrekin.

EUROPA GEHIAGO ETA HOBEA 2017 proiektuak aldi horretako, eskuratutako lorpenei eta etorkizuneko erronkei buruzko topagune eta hausnarketarako gune izan nahi du, Europa zer izan den eta zer den ospatzeko eta partekatzeko eguna izateaz gain.

Emaitzak komunikatzeko eta zabaltzeko ekintzak giltzarria dira kolektibo ugariekin eta herritarrekin, oro har, sentsibilizazio-prozesua garatzean. Europako Batzordearentzat, eta EBko erakundeentzat, kalitatezko komunikazioa funtsezkoa da kide diren Estatuen ekintzak eta Europako politikak bistarazteko eta ekintzak lurraldera, tokian tokira, iristea bermatuko duen biderkatze-efektua sustatzeko.

EUROPA GEHIAGO ETA HOBEA 2017 jardunaldia, hain zuzen ere, eztabaida hori planteatzera bideratuta dago, eta Batasunak EBn lurraldetik, eta kasu honetan, Euskaditik egingo dituen ekintza zehatzei buruzko informazioa ematera. Era berean, herritarrei informazioa eskuragarriago jarri nahi dio proiektuak eta EBren jarduera-eremu guztietan haien iritziak adierazteko eta elkartrukatzeko aukera zabaldu, bereziki, pertsonen eguneroko bizimoduan eragina duten arloetan. Horretarako, modu arinean eta herritarrei zuzenduta, Europari buruzko hausnarketa zabaltzea eta informazioa ematea proposatzen dugu, bereziki, Europako Batzordearen 10 lehentasunak eta Europaren Etorkizunari buruzko Liburu Zuria proiektuetan zehaztutako ekintzak, Europako herritarren konfiantza berreskuratzeko zubiak egiteko sortu baitziren.

PROIEKTUAREN EDUKIA. JARDUERA MOTA

Jardunaldi bat egingo da proiektua gauzatzeko, eta bertan, zenbait ekimen egingo ditugu (EUROSTAND). EUROSTANDen helburua agintari publikoen inplikazioa lortzea (Udala, Aldundia) izango da eta gutxienez 1.000 laguni egungo testuinguruan Europar Batasunari buruzko komunikazio-produktu ukigarriak eta informazioa emango dizkie. Horretarako, honako jarduera hauek egingo ditu:

  1. EUROINFO. Informazio- eta zabalpen-materiala, herritarrentzat.
  2. EUROWORK. Hurbileko ikastetxeetako ikasleei karpan bertan arreta pertsonalizatua, Europar Batasuna zer den azaltzeko.
  3. EURO BE TO BE. Euskadin Europako esparruan lan egiten duten agenteen eta herritarren arteko topaketak (be to be) Europari buruzko galdera zehatzei erantzuteko.
  4. EUROTEST. Test/lehiaketa bat, bertaratutakoek Europari buruzko galdera errazei erantzuteko, opari sinbolikoen truke.

Jardunaldian formatu ugari konbinatzen dira, adierazi bezala, helburu hori betetzera bideratuta, une batzuez soilik izanda ere, herritar guztiek pentsa eta hausnar dezaten zer den eta zer esan nahi duen Europak gure egunerokotasunean. Hori dela eta, eraginari eta estaldurari dagokionez, jardunaldi adierazgarria egitea proposatzen dugu, Europako gaietan lan egiten duten adituei bideratuta egon ordez (ohikoena izaten baita), herritarrei zuzenduta, EBko gaurkotasunetik urrunago daudenei eta/edo Europari buruz eta bertan gertatzen denari buruz askotan informazio partziala jasotzen duenari.

Jardunaldiaren eragina osatzeko eta handitzeko, Europa mailan lan egiten duten agente, plataforma, sare eta webguneetan zabalduko da (informazio-sareak, institutuak, ikerketa-zentroak, Europako elkarteak, Batzordearen, Europako Parlamentuaren, Espainiaren ordezkaritzaren eta EBrako Estatuko Idazkaritzaren plataformak). Zehazki, eta #unapalabraparaEuropa traolarekin, herritarrek Europarekin lotzen duten hitza jasoz egindako txioak jaso eta argitaratuko ditugu.