euskadi_ede_fundazioa_basque_country

Bruselan Euskadiko ordezkaritzarekin lankidetzan 2013 eta 2015 artean kudeatu genuen EIES atariaren helburua da EIES ataria mantentzeko eta Euskadin Europar Batasunaren gaurkotasunari buruzko erreferentziazko espazioa izateko beharrezko prozesuak, produktuak eta metodologia zerrendatzea eta deskribatzea, bi norakotan: alde batetik, oro har, Europar Batasuneko, eta zehazki, gure lurraldeko jarduera identifikatuz eta argitaratuz, eta bestetik, Europar Batasunaren eremuarekin lotuta EIES sareko kideen jarduera jasoz eta hedatuz.

Helburua da informazio eguneratua, bideratua, garrantzitsua eta kalitatekoa eskaintzea herritarrei, Europako Informazioaren Euskal Sareko kideei, Eusko Jaurlaritzari, administrazio publikoei, enpresei, mugimendu eta elkarteei eta Europako esparruan interesa duen beste edozein eragileri.  

Azken helburua, beraz, izaera orokorreko Europako informazioa ematea da, ahalik eta azkarren eta osatuen Euskadiko herritarrei, erakunde publiko nahiz pribatuei, Sarea osatzen duten erakunde eta entitateen arteko jarduera koordinatuaren bidez.

Egungo egoerari erantzuteko eta politikak eta erronkak finkatzen jarraitzeko, Europar Batasunak Europa 2020 Estrategia garatzen du. Horrek hiru lehentasun proposatzen ditu, elkar indartuz:

  • Hazkunde adimentsua: ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia garatzea.
  • Hazkunde iraunkorra: baliabideen erabilera eraginkorragoa egingo duen ekonomia sustatzea, berdeagoa eta lehiakorragoa izanik.
  • Hazkunde integratzailea: enplegu maila handia duen ekonomia sustatzea, gizarte-kohesioa eta lurralde mailakoa izango duena.

Helburu horiek garatzean, Europa 2020 Estrategiak espresuki definitzen du honako hau:

“Estrategia berriaren arrakasta, funtsean, honen mende egongo da: Europar Batasuneko, kide diren estatuetako eta eskualdeetako erakundeek argi eta garbi azaltzea zergatik diren erreformak beharrezkoak (eta saihestezinak gure bizi-kalitatea mantentzeko eta gure eredu sozialak finkatzeko), Europak eta estatu kideek 2020an lortu nahi duten helmuga, eta herritarrengandik, enpresetatik eta ordezkaritza duten erakundeetatik zer laguntza behar duten. Nazio mailako ohiturak eta egoerak kontuan hartu behar direla aintzat hartuta, Batzordeak horretarako komunikazio-tresna komuna proposatuko du”.

Helburu horretan laguntzeko, eta 2012 eta 2014 artean EIES atariaren diseinua, kudeaketa eta mantentzea eginda, honako hau egingo da:

  1. Edukian, arkitekturan eta produktu nahiz zerbitzuetan (buletina, alertak, ataria etengabe eguneratzea) kalitatekoa den ataria mantentzea, eta behar denean, haren egitura eta diseinua eguneratzea, Europako informazioaren euskal tresnak eragin adierazgarria izan dezan bermatzeko.
  2. Tresnaren ikusgarritasuna eta haren hedapen ahalik eta zabalena Europako Gaietako Zuzendaritza eta ordezkaritzarekin koordinazioan.

Europako Informazioaren Euskal Sareak (EIES) Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eremuan Europako informazio-gaietan eskuragarri dauden bitartekoak optimizatzea du helburu, eta oro har, Sarea osatzen duten zentroen informazio eta hedapen-lanetan lankidetza eta koordinazio handiagoa ahalbidetzea Euskadiko erakunde publiko eta pribatuei eta herritarrei dagokienez. EIESen lan-eremuak dira informazioa, aholkularitza eta hedapena Europar Batasunarekin lotutako gai guztietan.

Europako informazioaren euskal tresnak edukiaren zati bat sareko kideek emandako informazioaren arabera sortzen du, baita webgunea mantentzeko eta kudeatzeko informazio-iturrien zati bat ere. Era berean, EIESek eta haren partaideek egindako ekimen eta ekintzek hedapena eta ikusgarritasuna dute atarian eta tresnaren hedapen selektiboko produktuetan.

EIES atariaren egitura intuitiboa eta atsegina da, bertara sartzen den edonork nabigatzea errazten du. Proposamen honek arreta berezia jartzen du edukien aukeraketan, finketan eta orientazioan, Europa atariak jasotzen duen informazioa oinarri hartuta, Sare osoko zabalena baita. Hala, www.europa.eu atariko informazioaren izaera eta gaien sailkapen-irizpidea mantenduta, EIES atariak bertako edukiak egokitu egiten ditu, ordezkaritzak proposatutakoaren arabera, Europar Batasunaren/Euskadiko jardueran eragina dutenak eta gure ingurunean bereziki interesgarriak direnak iragazi, katalogatu eta argitaratu egiten ditu.

Atariak edukiak euskaraz eta gaztelaniaz emango ditu, bai sailen etiketetan, bai hizkuntza argia eta zehatza izatean, Europar Batasunerako Euskadiren ordezkaritzak duen estilo-liburuaren eta ordezkaritza-taldeak berak emandako jarraibideen arabera.

Beraz, informazio eguneratua, egokia, garrantzitsua eta kalitatekoa izateari gehitu behar zaio informazioa selektiboa eta bideratua izango dela.

Ataria egitura honen arabera antolatu da:

Atariko edukien eremu nagusia, Europako informazioari ikusgarritasuna emateko, baita sarearen beraren informazioari ere, honako atal hauek jasota:

  • Europako informazioa eta EIESena. Funtsezkoa da EIES zer den jakitea, nork osatzen duen eta norekin jar daitezkeen harremanetan interesdunak haien interes-eremuaren arabera edo informazio-eskariaren arabera. Berriz ere nabarmendu nahi dugu edukiak herritarren beharretara bideratuta egotearen garrantzia.
  • Europa eta Euskadi. EBren Euskadiko politikei buruzko informazioa, Euskadiren Bruselako bulegoari buruzkoa, ordezkaritzaren txostenak, Euskadiren gaurkotasuna EBn.
  • Euskadi eta Europa. Atal honetan, aurrekoarekin bi noranzkoetako informazioa osatzeko, Europak Euskadin zer egiten duen jasotzea planteatzen da, eta EBk gure lurraldean finantzatzen dituen proiektuak eta ekintzak.
  • Europar Batasunerako Euskadiren ordezkaritzaren txostenak. EBrako Euskadiren ordezkaritzaren lan nagusietako bat da EBko lehentasunezko gaiak laburtzen, azaltzen eta bideratzen dituzten txostenak egitea. Dokumentu horiek balio handia dute Euskadin dauden Europako eragileentzat eta horiek argitaratzea, gaika antolatuta, balio erantsia da EIES atarirako.

Gaikako eremua. EBko politikak.  Eremu nagusiaren beheko aldean, Europa atarian aipatutako sailkapenarekin jarraituz (www.europa.eu), bloke tematikoen araberako informazioa dago.

  • Europar Batasuneko 15 politika proposatzen dira, dagozkien azpipolitikekin, haietarako sarbide bisuala eta erraza mantenduta. Europar Batasunaren politiketara lehen sarbide-puntua sortzea da helburua, haietako bakoitzaren jarraibideak eta lehentasunak ezagutzeko:

✔ Aduanak eta fiskalitatea

✔ Nekazaritza, arrantza eta elikadura

✔ EBren zabalkundea eta kanpo-gaiak

✔ Zientzia eta teknologia

✔ Kultura, hezkuntza eta kirola

✔ Garapena eta laguntza humanitarioa

✔ Ekonomia eta finantzak

✔ Enplegua eta Gizarte Gaiak

✔ Enpresa eta turismoa

✔ EBko erakundeak

✔ Justizia eta herritarren eskubideak

✔ Ingurumena eta energia

✔ Eskualde politika eta tokiko garapena

✔ Osasuna

✔ Garraioa

Informazio-proiektuaren alderdi garrantzitsuenetako bat da informazioaren hedapen selektiboa eta erabiltzaileei “kartarako” zerbitzua eskaintzeko aukera, ahalik eta zehatzen, erabiltzaileen beharrei eta informazio-eskaera zehatzeei erantzuteko-  EIESen buletina produktu pertsonalizatua da, euskadi.net atarian katalogatutako edukiekin eta EIESen argitaratutakoekin egindakoa. Erabiltzaileek postontzietan jasoko dute.

Doako hedapen-zerbitzua da, “kartarako” profila duena: edozein unetan aldatu ahal izango du erabiltzaileak profila eta/edo eman ahal izango du baja zerbitzuan.  Buletina elebiduna da eta bisualki formatu atsegina du, arina eta jarraitzeko erraza, EIES atari osoaren irudiari jarraituz.

Oro har, Europako eta bereziki Euskadirako garrantzitsua den informazioarekin lotuta guztirako erreferentziazko informazio-produktua da buletina.