barometro_ots_1
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozial bat sendotua eta etengabe berritzen

Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokiak, urtarrilak 24, “2019ko barometroa. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen datu nagusiak” lana aurkeztu du Bilborock aretoan. 3.900 erakunde baino gehiago biltzen dituen eta gizarte-eraldaketako bokazioa duen solidaritate antolatu baten adierazpena den sektore baten errealitateari buruzko diagnostikoa egiten da bertan.

Ikerketa-lanean Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek eta sareek hartu dute parte eta, bereziki, Sareen Sareak, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareen sareak.

Erakunde horien lana honako honetara bideratua dago: zaurgarritasun edo bazterketa, babesgabetasun, desgaitasun eta/edo mendetasuneko egoerei aurre egiten dieten pertsonen, familien, kolektiboen eta komunitateen eskubideak benetan burutzea eta gizarteratzea sustatzera. Era horretan, gizarte solidarioagoa, bateratuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzen dute, gizarte zibilaren parte-hartzea bideratuz.

2019ko Barometroak dimentsioaren eta ekarpenaren zifra nagusiak erakusten ditu, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren enpleguari, BPGd-ari eta gizarte parte-hartzearen egituratzeari dagokienez. Hala, txostenaren emaitzen bidez, honako alderdi hauek jorratzen dira: a) Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren osaera eta bertako erakundeen jarduera; b) giza dimentsioa eta baliabide ekonomikoak; c) erabiltzen dituzten kudeaketa-tresnak; d) eta zabalik dituzten barne- eta kanpo-harremanak.

Txosten horren eraketa eta aurkezpena Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala (EHSS) sustatzeko euskal estrategian aurreikusten den Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren egoerari buruzko ikerketa eta ebaluazioko aldizkako zikloaren barne kokatzen dira. Txostenak, bere lehentasunen artean, EHSSa eta bere bilakaera ezagutzea dauka, sektore hori indartzeko eta gizarte-mailan ekarpena egiteko.

Barometroa produktu arin eta erabilgarri bat da eta, laburbilduta, Euskadiko esku-hartze sozial eta ekimeneko erakundeei eta sareei buruzko informazio garrantzitsua eskaintzen du. Datu horiek hurrengo Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Liburu Zurian —ikerketa-ziklo hori osatzen duen txostena— zabaldu eta zehaztuko dira.

.

Datuak

Azken 5 urteetan, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala asko hazi da: Epe horretan sortu diren erakundeen kopurua desagertu direnena baino gehiago dira, eta Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala 3.938 erakunde edukitzera pasatu da.

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak 38.525 enplegatu inguru ditu eta 158.599 boluntarioen parte-hartze soziala bideratzen du.

2018an —datu ekonomikoak ditugun azken urtea— erakundeek 1.736 milioi euroko bolumen ekonomikoa kudeatu zuten, euskal BPGd-aren % 2,3ren baliokidea.

Sektore hau batez ere elkartez osatua dago (10etik ia 9). Ibilbide luzeko erakundeak (3tik 1ek 20 urte edo gehiago ditu) eta sortu berriak (% 20) biltzen ditu. Erakundeek zerbitzuak ematea beste funtzio batzuekin uztartzen dituzte, adibidez, sentsibilizazioa eta eskubideen defentsa (% 78,3k biak ematen ditu).

Kasuen % 87,9n erakundeko pertsonen erdia edo gehiago boluntarioak dira. Halaber, erakundeen % 57,2k soldatapeko langileak ditu bertan diharduten pertsonen artean.

2019ko Barometroaren datuen arabera, erakunde berriak gehitu ondoren, hazten eta berritzen jarraitu duen sektore bizia da. Osasuntsu dagoen sektore bat da, pertsona guztien gizarteratzearen alde lan egiten duten soldatapeko pertsona eta pertsona boluntario gehiagorekin. Eta sortzen ari diren testuinguruetara eta beharretara etengabe egokitzen diren eta, gero eta gehiago, beste eragile batzuekin elkarlanean diharduten erakundeak dituzte.