Sortu ginenetik, EDE Fundazioan gure adineko pertsonek gizartean duten rolari eta eskaintzen duten balioari buruz hausnartu izan dugu. Gure adinekoen esperientziak eta balioak behar adinako aitorpena izan ez duten elementuak direla uste dugu, nahiz eta ezinbestekoak diren gure gizartea nola eratu den ulertzeko eta bizi dituzten eta iraganeko belaunaldiek aurre egin behar izan dieten aldaketa historikoak eta fenomeno sozialak interpretatu eta horien inguruko kontzientzia hartzeko. Azken batean, haiek dira memoria kolektiboa biltzen dutenak. Ezin dugu orainaldia ulertu iraganeko esperientzia hori eta gure adinekoek gorde eta jasotzen dituzten balio horiek gabe.

Hori dela eta, 2012an gaiaren inguruan zerbait egitea erabaki genuen. BBKren Gizarte Ekintzaren lankidetzari esker, “Oroiteka: esperientziaren artxiboa” izeneko proiektua diseinatu genuen. Bizkaiko Lurralde Historikoko adineko pertsonen esperientzia berreskuratzea eta balioa ematea zen helburua.

Horretarako, esperientzia horri ahotsa eta aurpegia jarri behar genion, beraz, Sabin, Pilar, Santiago, Flori, José María, Iluminación, Jesús, Felisa, María eta Goyorekin harremanetan jarri ginen. Guztiak 73 eta 86 urte artekoak ziren une hartan, eta aurrean kamera bat jarri genien, beren esperientziaz eta oroitzapenez hitz egin zezaten gai batzuen inguruan: hezkuntza, migrazio-prozesuak, familia eta harreman afektiboak, aisialdia, ekonomia, enplegua, gertakari soziopolitikoak, aldaketa sozialak eta emakumearen egoera.

Hortik hausnarketa interesgarriak atera ziren, batzuetan dibertigarriak, batzuetan latzak, eta zalantzarik gabe, beti baliozkoak, gure lurraldeko historia hurbilaren irudia ematen baitigute eta orainaldian eta etorkizunean pentsarazten digute. Esperientziaren begiradatik egindako kontakizunak, belaunaldi guztietarako balioak eta irakaspenak dituztenak. Gure nortasun pertsonalaren eta kolektiboaren sinbolo diren kontakizunak. Hemen ikus ditzakezue.

Proiektuaren emaitzak bi jardunalditan eman genituen ezagutzera 2013an, Trapagaranen eta Bilbon, eta hala, esperientziaren balioaz adinekoekin eta gazteagoekin hausnartu ahal izan genuen.  Proiektu horri buruz gehiago jakin nahi baduzue, irakurri hau.