Europako Parlamenturako 2014ko hauteskundeen kanpainiako informazioaren eta publizitatearen tratamendua generoaren ikuspegitik EAE-n

Berdintasunak berekin dakar gizon-emakumeentzat eskubide eta aukera berdinak izatea, baita erantzukizun berdinak ere. Arau mailako nahiz gizarte mailako berdintasunak aukera errealak eta eraginkorrak sortu behar ditu, eta gizarte bateko esfera ugarietan parte hartzeko aukera eragin behar du: sozialean, politikoan, ekonomikoan, kulturalean… Azken batean, gizon-emakumeak berdintasunez baloratzea dakar, eta haien garapena ahalbidetzea, bi sexuen aukerak sustatzea, berdintasunez eraikitzea eta banatzea eta abar.

Iritzi-egoerak sartzeko edo aldatzeko komunikabideek duten boterea edo ezarpen maila ikusita (gaur egun eragile sozializatzaile garrantzitsuenetako bat dira, gizarte batean informazioa transmititzen den kanal nagusietakoa dira), garrantzi berezia dute informazio- eta publizitate-mezuen bidez ematen duten emakumeen eta gizonen irudiek, jarduerek eta estereotipoek. Haien mezuek jokabide  soziala eta ohiturak indartu edo alda ditzakete, erreferentziazko eredu bihurtzen baitira eta giza bizitzako alderdi ugariei buruzko balio soziala eta onarpen maila ezartzen dute.

Komunikabideek, horrez gain, agenda publikoa konfiguratzen dute eta herritarrei adierazten diete zer gaitan oinarritu behar duten interesa. Herritarrak gizon-emakumeen berdintasunaren inguruan behar bezala kontzientziatuta ez badaude, mezuak eta diskurtsoak errepika ditzakete edo, iragazi, eta hala, emakumeak protagonista gisa baztertzen dituzten mezuak eman, bigarren mailako postuetara baztertuz, emakumeak agertzen diren albisteen tratamendu motagatik edo haiei estaldura txikiagoa emateagatik.

Zer puntutaraino da ekitatiboa komunikabideen estaldura eta biltzen ditu hautagai guztien ikuspegiak, edo hori izan ezean, gizon-emakumeen berdintasuna zailtzen du prozesu politikoetan?

EMAKUNDE presidente duen BEGIRA Komunikazioaren eta Publizitatearen erabilera ez sexistarako Batzorde Aholkulariak aginduta, ikerketa egin genuen, helburu hauekin:

  • Batzorde honi hauteskunde-kanpainen informazioaren eta publizitatearen tratamendua aztertzeko eta informazioa biltzeko tresna metodologiko balidatua eskaintzea.
  • 2014ko Europako Parlamenturako hauteskunde-kanpainen tratamenduaren azterketa egitea.
  • Ondorengo kanpainetarako eragile ugariri bideratutako gomendioak ateratzea

Zehazki, azterketak 2014ko Europako Parlamentuko hauteskunde-kanpainan euskal komunikabide nagusiek egin duten informazioaren tratamendua neurtu du. Emakumezko hautagaien eta gizonezko hautagaien artean estalduran izandako alde kuantitatibo eta kualitatiboak identifikatzen saiatu gara, irudietan eta diskurtsoetan mezu inplizitu eta esplizituak bistaratuz, eta hala, hautesleei proposamenak eta hautagaitzak hurbiltzeko aukeretan eragina izan dezaketen jardunbideak saihesten lagunduko duten jarraibideak ezartzea izanik azken helburua.

Lan honen balio erantsia honako hau da: markatutako helburuak lortzeko bi tresna sortu dira ad hoc (adierazleen sistema). Tresna horiek bermatzen dute ezagutza zabaldu nahi den errealitatea deskribatzeko eta ulertzeko informazio erabilgarria, objektiboa eta aldera daitekeena jasotzen dela. Horrez gain, bilakaeraren segida historikoak osatzeko azterketaren errepikagarritasuna ahalbidetuko dute.

Ezaugarri kuantitatiboak eta kualitatiboak aintzat hartuta, 54 adierazle dituen sistema bat erabili da eta horren bidez prentsan, irratian eta telebistan emandako kazetaritzako 912 testu edo albiste aztertu dira. Horri esker, komunikabideen estaldurak duen genero ikuspegia monitoriza daiteke eta azterketaren errepikagarritasuna ahalbidetuko da bilakaeraren segida historikoak osatzeko.

Gainera, alderdi politiko nagusien telebistako spotak aztertu dira estereotipoak eta joera sexistak detektatzeko eta, dagokionean, hobekuntza-gomendio batzuk egiteko.

Metodologiari dagokionez, Edukia aztertzeko teknikaren alde egin genuen. Teknika horren arabera, modu zientifikoan (sistematikoki, objektibotasunez, modu errepikagarrian eta baliozkoan) “irakurri” eta interpretatu (ezin da zuzenean dokumentu batekin “hitz egin”, baina interpretatu egin daiteke kodifikazio edo kategorizazio prozesu batetik abiatuta) egiten da dokumentu mota ororen edukia, kasu honetan testu-dokumentuak eta ikus-entzunezkoak.

“Irakurketaren” bidez, “testuko” inferentziak testuingurura atera nahi dira. Mezuek eta, oro har, komunikazio sinbolikoak egileak berak esan nahi dituenak edo jabetzen dena baino gauza gehiago adierazten dituzte, biltzen dituzte, esaten dituzte. Oinarri edo inferentzia horiek lortzen dute datuetan topatutako esanahi-ereduak beste gauza askoren (testuingurua) sintoma eta adierazle gisa interpretatzea.

Kontuan hartu behar dira oinarri hauek edozein dokumentutako informazioa aztertzean: datuek zentzu sinbolikoa dute eta hori ez da beti agerikoa; zentzua edo esanahia ez da beti bakarra, askotarikoa da edo izan daiteke datua “irakurritako” perspektibaren arabera; igorleak eman nahi duen zentzua baliteke ez bat etortzea hartzaileak jasotako zentzuarekin; zentzua ezberdina izan daiteke hartzaile ezberdinentzat; dokumentu batek adierazpen-eduki bat eta eduki instrumental bat izan ditzake.

Edonola ere, kazetariak eta komunikabideak sentsibilizatu nahi dira, gizarte ekitatiboagoak eraikitzeko aldaketa soziala ekarriko duten eragile gisa duten garrantzia dela eta. Gainera, laguntza eskaini nahi zaie maskulinoa nabarmentzen duten eta gizartean emakumeek bizitzako eremu guztietan egindako ekarpenak eta haien presentzia erakusten ez duten errealitatearen ikuspegiak saihesteko. Horregatik lotu ziren hautemandako joerak emakumeen parte-hartze politikoa zailtzen duten oztopoak ezabatzea sustatzeko gomendioekin.

Azterketa ona egitea bezain garrantzitsua da emaitzak banakatzea eta inplikatutako eragileak haietara hurbilduko direla bermatzea. EDE Fundaziotik gerora ere lagundu dugu hedapen-ekintza ugaritan, eta horien artean nabarmentzekoak dira topaketa ugaritan egindako aurkezpenak: PUBLIZITATE ETA KOMUNIKAZIO EZ SEXISTARAKO AUTOERREGULAZIO ETA KODE DEONTOLOGIKOA EZARTZEKO SAREA: publizitate-agentzien eta komunikabideen arteko lankidetza eta ezagutzarako espazioak eta denborak” 2016an.

 

Txosten osoa hemen ikus dezakezu: http://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes/es_emakunde/adjuntos/informe.34.pdf