This is custom heading element

Zaintzeko modu horren aldeko eta aurkako argudioen eztabaida (seme-alabak dituen bikote baten harremana etendakoan amak edo aitak modu esklusiboan egindako zaintzaren alternatiba gisa) handitu egin da esfera publikoan araudiari erreforma-proposamen batzuk aurkeztu direnetik; proposamen horiek, funtsean, adostasunik ez dagoen kasuetan eredu horren salbuespenekotasuna kentzearen alde egiten zuten.

Hausnarketa zientifikoak, lege arlokoak, politikoak eta sozialak eragin ditzakeen eztabaida da, eta horren inguruko iritziak, edozein eremutan, zatituta daude. Eztabaida ez da erraza laburbiltzeko edo sinpletzeko, eztabaida irekia baita, ikuspegi asko eta askotarikoak biltzen ditu, ñabardura eta zehaztasun asko dituzten ikuspegiak, hain zuzen ere.

Gaia puri-purian jarri zen Ministroen Kontseiluak 2013ko uztailean “baliogabetzea, banantzea eta dibortzioa izanez gero gurasoen erantzukidetasuna gauzatzeari buruzko legearen aurreproiektua” onartu zuenean eta EAEn aurreko urtean Kidetzak sustatutako legebiltzarreko eztabaida berriz lantzea erabaki zen, “seme-alabak kargura dituzten gurasoen edo seme-alabarik gabeko bikoteen elkarbizitza etenez gero familia-harreman eta gurasoen erantzukidetasunerako herri legegintzako herri-ekimenaren proposamenari” dagokionez.

Dokumentu horretan, berekin dakartzan inplikazio garrantzitsuez jabetuta, Emakundek bere esperientzian eta know-how-an oinarritutako ezagutza osatu nahi izan zuen, eta EDE Taldeari eman zion ikerketa-lana garatzeko ardura. Azterketa horrek “zaintza partekatuaren” inguruan jarrera informatua hartzeko aukera eman zion, adituen ikuspegiak eta eragile sozialen jarrerak kontuan hartuta.

Legegintza arloko aldaketa egin behar al da? Zer esan nahi du zaintza partekatuak? Alderdietako bat ados ez dagoenean, epaile batek nola hartu behar du zaintza partekatua, salbuespen gisa, beste aukera bat balitz bezala edo lehentasunezko eredu gisa? Zer ulertzen dugu gurasoen erantzukidutasuna esaten dugunean? Zaintza partekatua lehentasunezko gisa ezartzen duen araudi mailako aldaketa batek lagun dezake gizon-emakumeen arteko berdintasunean?  Edo berdintasunaren inguruko eztabaida faltsua da? Zer irizpide da garrantzitsua zaintza partekatua emateko garaian kontuan hartzeko? Galdera horien inguruan dabiltza zaintza partekatuaren eztabaidan parte hartzen duten gizarte eragileen kezkak. Azterketak erantzunak antolatu eta sakondu ditu.

Zertan lagundu zigun TRACKING WEBek? Albiste kopuru handia jaso ahal izan genuen hari esker, proiektuak iraun zuen 3 hilabeteetan zaintza partekatuaren inguruan prentsa digitalean argitaratutako iritzi-artikuluak, webguneetan edo blog espezializatuetan argitaratutako iritzi-artikuluak eta Interneten jarritako bideoak.

Horiek oinarri hartuta:

  • Zaintza partekatuaren ereduaren inguruan ikuspegi nagusiak deskribatu eta funtsezkoak izan daitezkeen eta eztabaidako zati diren elementuak identifikatu ahal izan genituen.
  • EAEn gurasoen eta seme-alaben arteko harremanei dagokienez indarrean dagoen egungo araudiari eragin diezaiekeen bi araudi-proposamenak alderatu ahal izan genituen. Sortu zirenetik ekimenek egindako ibilbidea deskribatu eta haien inguruan sortutako erreakzio nagusiak identifikatu ahal izan genituen.
  • Zaintza partekatuarekin edo gurasoen erantzukidetasunarekin lotuta publikoki iritzia adierazi duten eragile sozial nagusien jarrera ezagutu genuen. Iritzien arteko aldeak eta jarreren arteko adostasunak deskribatu genituen.

Ondorioak 2013ko urrian Berdintasunerako X. Foroan aurkeztu ziren (http://emakunde.blog.euskadi.net/2013/10/debate-sobre-la-custodia-compartida-en-el-x-foro-para-la-igualdad/):

Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, ondorioak azaldu zituen jardunaldiaren amaieran, eta bertan, Emakumearen Euskal Institutuaren jarrera azaldu zuen. Emakunderen ustez, zaintza partekatua beste aukera bat da eta ez da zertan lehentasunezko gisa markatu behar banantze-kasuetan alderdien artean adostasunik ez dagoenean. Emakunderen iritziz, egungo araudiaren aplikazio eraginkorrean aukera erreala da zaintza partekatua, eta zaintza motari buruzko erabakiak kasu bakoitzaren arabera hartu behar dira, bakoitzaren egoerak aintzat hartuta eta gainerako interes guztien gainetik adin txikikoen interesa eta ongizatea jarrita.

Emakunderen ustez, kontuan hartu behar da gaur egungo gure gizartearen abiapuntua, ez baita berdintasunezkoa eta ez baitago erantzukidetasunik.  Erantzukidetasuneko eredu batean egokitzen da zaintza partekatua; lehen unetik hasten den zaintza partekatua, jaiotzatik edo harrera egiten den unetik, ondorengoak heztea ez baita eskubide bat, betebeharra baizik, betebehar iraunkorra, eta ez dago egoera zibilaren mende, ezta bikotekidearekin batera bizi izatearen mende ere. Emakundek gizarte heldua izatearen alde egiten du, emakume nahiz gizonak uneoro seme-alaben zaintzaren erantzukide izango diren gizartearen alde. Eta erantzukidetasuna ez da banantze-egoera batean planteatzen hasi beharreko zerbait, seme-alabak jaiotzen diren unetik baizik.

Azken batean, Emakunderen iritziz, adin txikikoentzat onuragarria izango den zaintza partekatuaren sistema orokorra ezartzeko, bi gurasoek berdintasun-egoeran bizi behar dute, elkarrekin dituzten seme-alaben erantzukidetasuna partekatuz modu efektiboan eta errealean, elkarrekin bizi zirenean eta ondoren. Bitartean, zaintza partekatua gaur egungo legediaren aukera posible bat izango da. Eta berriz nabarmentzen du Emakumearen Euskal Institutuak kasu bakoitza modu independentean aztertu behar dela eta familien errealitate bakoitzari egoki iritzitako zaintza mota esleitu behar zaiola.